ONGI ETORRI-BIENVENIDOS

Bolunta - Centro Asociaciones Ganbara.C/Ronda s/n 3º planta. 48005-Bilbao


2013(e)ko martxoaren 25(a), astelehena

BILBON BANADUENTZAKO ETXEAK

Dibortziatuentzako, tratu txarrak jasan dituztenentzako, eta 65 urtetik gorakoentzako alokairu soziala bultzatzea proposatu dute Bilbon.
Arantxa Elizegi   2013-03-24 - 09:41:46



Oraindik proiektu bat besterik ez den arren, dagoeneko gizarteko alor ugariren sostengua jaso du Bilboko Udal Etxebizitzen arduradunek aurkeztutako proposamenak. Egitasmoa urtarrilean egin zen ezagun, eta bananduentzako, tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako, 65 urtetik gorakoentzako eta gazteentzako 60 bat etxebizitza egitea du helburu. Eskatzaileei horiek partekatzeko aukera emango litzaieke, eta alokairua 190 euro ingurukoa izango litzateke.
Etxebizitzak Partekatzeko Programaren bultzatzailea da Eduardo Maiz, eta hark azaldu duenez, egitasmoaren helburua da arazoak dituzten taldeei laguntzea, haien egoera hobetu artean. "Elkartasuna eta elkarbizitza bultzatu nahi dugu honekin". Bestelako etxebizitzetan sar ezin daitekeen jendearentzat litzateke egitasmoa; izan ere, babes ofizialeko zozketetan sartuz gero, kanpoan geratzeko arriskua izango lukete, eta, beraz, babesik gabe. Banandutako pertsonez eta tratu txarren biktimez gain, 65 urtez gorakoek ere eskatu ahal izango lukete tokia baldin eta menpekotasunik ez badute; berdin 35 urte baino gutxiago duten gazteek edo gizarteratze prozesuan dauden pertsonek ere. Programa horren bitartez, eskatzaileek gela bat alokatu ahalko lukete eta etxebizitzako eremu komunak partekatu. Hasieran hogei etxebizitza inguru eskainiko lirateke, denera 60 lagunentzako tokiarekin.
Irtenbide bat
Kidetza Guraso Bananduen Federazioko presidente Justo Saenzek txalotu egin du Bilboko udalaren egitasmoa. "Azken hamar urteotan, behin baino gehiagotan egin ditugu halako proposamenak, dibortzioa dela-eta ordura arte bere etxea izan dena utzi behar duen gurasoak normalean ez dituelako beste etxe batean sartzeko adina baliabide ekonomiko. Horretaz gain, alokairu sozialak aukera emango dio guraso horri bere seme-alabekin egoteko toki bat edukitzeko, aldi berean, senide edo lagunen baten etxera joan beharrik gabe".
Gaur egun Kode Zibilak zehazten du seme-alaben zaintza duen gurasoak gozatu ahalko duela ordura arte familiarena izan den etxeaz baldin eta bien artean bestelakorik adosten ez badute. "Dibortzioaren unean, oro har, kasuen %86tan emakumezkoa geratzen da haurren zaintzarekin. Harentzat izan ohi da etxea haurrak ekonomikoki independente diren arte; beste gurasoak etxetik joan behar du eta hipotekaren bere erdia eta pentsioa ordaindu. Geratzen zaionarekin bizi ere egin behar du, eta noski, etxe bat aurkitu. Askotan, baina, geratzen zaion hori 200 euro inguru izan ohi dira, eta horrekin ezer gutxi egin daiteke gaur egungo gizartean". Dena den, Kidetzako presidentearen iritziz, dibortziatu berria den pertsona batentzat, agian, ez da irtenbiderik egokiena etxebizitza partekatu behar izatea, baina behin-behinean, eta beste ezer hoberik lortu bitartean, aukera bat da. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina